Arrano Etxea
Basafauna
Erreskatatzeko Zentroa

pajaros exóticos

Ezin dut neure maskota arrotza gehiago zaindu. Zer egin behar dut?

Espezie arrotzak, hau da, beste herrialde edo beste kontinente batzuetako animaliak natur ingurunean askatzeak ondorio txarrak izan ditzake gainerako landaredi eta faunarentzat. Egiatan, izaera “inbaditzailea” duten animalia arrotzak naturan finkatzea biodibertsitate globala galtzearen arrazoirik garrantzitsuenetako bat da. Zergatik? Espezie hauek bertokoekin lehian ari daitezkeelako baliabide beretik elikatuz, bertoko espezieak beren habitatetatik botaz, patogenoak berauei kutsatuz edo berauekin harrapari gisa jokatuz. Horren ondorioz, lurralde baten biodibertsitate naturala ahuldu egiten da. Gainera, askapen hauek eta espezie arrotzen populazioek diru-galerak ekar diezazkiekete zenbait ekoizpen-sektoreri (nekazaritzari, adibidez).

Beste batzuetan, askatutako animalia arrotzek ez dute ingurunera egokitzea lortzen, beren jatorrizko zonaldeetakoak bezalako baldintzak topatzen ez dituztelako, eta hilda amaitzen dira. Horrelako kasuetan, tokiko faunaren eta landarediaren gaineko ondoriorik ez dago, baina maskota gisa gatibu bizi izan ondoren animaliari horrelako bat-bateko amaiera emateak ere ez du zentzurik.  

Horregatik, bi kasuetan, helarazi beharreko mezua hauxe da: sekula eta inolaz ere ez dela animaliarik natur ingurunean abandonatu edo askatu egin behar. Gipuzkoako Foru Aldundiak bere maskota arrotza etxetik atera nahi duen jabeari animalia –Arrano Etxearen bitartez– uzteko aukera ematen dio, aterpetuta eta ondo zainduta egongo delako konfiantzarekin.

Lagun egingo digun animalia bat erosteak erantzukizuna eta heldutasuna eskatzen dituela azpimarratu beharra dago, gurekin urte luzez egon daitekeen izaki bizidun batez arduratzea dakarrelako, eta haren ongizateaz eta zaintzaz arduratzeak baldintza bereziak eskatuko dizkigulako. Urteen poderioz animalia batek gurekin izateak sortaraz ditzakeen arazoez oso ondo ohartuta eta oso ondo aholkatuta egotea behar-beharrezkoa da.

Azkenean, jabe batek bat-bateko arazo batekin topo egiten badu eta bere maskota uztea beste erremediorik ez badu, 943000420 telefono-zenbakian gurekin kontaktuan jar daiteke, non adieraziko baitzaio animalia Arrano Etxean uzteko zer egin behar duen.

© IKT SA. |